2010/05/14

GARATU 2010-2011

2010-2011 ikasturtean Euskal Dantzen inguruko bi ikastaro emango ditugu Elgoibarren. Iazko ikastaroan landutako eduki berdinak jorratuko ditugu, nahiz eta aldaketa txikiren bat egon daitekeen. Beraz, han izango gaituzue zuen esperoan.

Erromeriak: Kontradantzak eta musika taldeak

Kontradantzak XVIII eta XIX. mendean Europa osoan modan egon ziren dantzak dira. Euskal Herrian ere dantzatutako dantzak izan ziren. Kontradantza horien doinu batzuk biribilketa eta arin-arinetan gelditu zitzaizkigun txertatuta eta baita kadrile eta polka moduan ere (iparraldean batez ere).

Dantza oso errezak dira urratsen zailtasunari dagokionez, dibertigarriak eta askotan bikote aldaketa bultzatzen dutenak. Gure arlorako oso erabilgarriak diren edukiak dira, bai haurraren garapenean laguntzeko (koordinazioa, erritmoa, memoria, gorputz eskema, gorputz adierazpena, ...), ikastetxeko jaialdietan dantzatzeko, ikasleen arteko harreman egokiak bultzatzeko, ...

Horrela, gaur egun Euskal Herrian erromerietan gero eta gehiago ikus ditzakegun dantzak dira. Erromerietan “betiko” fandango, arin-arin, biribilketa, jauzi, bals eta abarrez gain, kontradantzek espazio garrantzitsua betetzen dute gaur egun. Talde dexente dira beraien errepertorioetan kontradantzak jorratzen dituztenak, eta batzuk gainera beraien dantzaria dute egin beharreko pauso eta koreografiak nahi duen orori erakusteko. Gaur egun dauden talde batzuk:

- Arrabots: http://www.dantzan.com/albisteak/dantzarako-musika-arrabots

- Lauetan erdizka: http://erdizkaeusk.blogspot.com/

- Aiko taldea: http://www.aikotaldea.com/

- Patxi Perez: http://www.patxietakonpania.com/

- Agnes Perez: http://agnesperez.trad.org

- ...


Beraz, dantzarako gogoa duenak badaki nora jo.

Aipatu beharra dago ere alor honetan lanean aritu diren Tapia eta Leturia taldea, Urbeltzen Dantza Ganbara (Bilboko Kafe Antzokian),... Ahazten ditugunak ere egongo dira, baina hitz hauetatik eskerrak guzti-guztioi.